15 de septiembre de 2010

Greba Orokorra!

Queer Ekintza taldea Greba Orokorren deialdiei atxikitzen zaie.

Bollerak eta maritxuak ere langileriaren parte gara!



Gure organizazio txiki honetan uste dugu guztiz oinarrizkoa dela borroka guztietan beste borroka batzuekin osagarritasunarekin eta konplizitatearekin lan egitea, bereziki gaur bizi dugun eraso neoliberal eta ultrakontserbakorraren testuinguruan. Azken finean, ulertzen dugu borrokan dihardugun guztiok azken helburu bera elkarbanatzen dugula: gaur egungo zapalkuntza-sistema heteropatriarkal, neokolonial, kapitalista eta produktibistaren aurkako alternatiba baten eraiketa.

Argi daukagu identitate sexu-generiko eta sexu-praktika zapalduak ditugun pertsonak ez gaudela krisi zibilizatorio honetatik at, eta berau aldarrikatzen dugu. Guk defendatzen dugun sexu-askapen mugimendua ez da monolitikoa, politikoki neutroa ezta interklasista ere, eta berau aldarrikatzen dugu. Guk mintzaide ditugun bollerak, maritxuak, trans-ak, intersex-ak eta bestelako pertsonak ere langileriaren parte direla uste dugu, eta berau aldarrikatzen dugu.

Jada ekainaren 28aren kausaz argitaratu genuen komunikatuan gauzatzen ari diren murrizketa sozialetan zentratu genituen gure aldarrikapenak. Orain klase bezala elkartzeko momentua heldu da, beste talde eta mugimendu sozial, politiko eta sindikal batzuekin batera borrokatu behar dugu gure eskubideen alde. Hau ez da azken urtean gure gizartean deitzen den lehenengo Greba; ekainaren 29an beste bat egon zen, zoritxarrez, Askapen Sexualaren Egunaren hurbiltasuna zela eta ez genuen lan-kapazitaterik izan greba horren alde agertzeko. Beraz, abagune hau aprobetxatu nahi dugu zentzu honetan egiten den edozein deialdiren alde publikoki agertzeko.

Gure sexu-askapenaren aldeko borroka partikularrean subjektu politikoa baztertuok osatzen dugu, bereziki genero eta sexu normatiboaren disidenteek. Hau da, gure gizartean, modu batean edo bestean, femenino edo feminizatu bezala identifikatzen diren posizioak betetzen ditugun pertsonok. Gure zapalkuntzaren arrazoi bakarra ez dira gure baldintza edo praktika sexualak, baizik eta heteropatriarkatuarekin bat egiten duten beste faktore asko ere, hala nola arrazakeria edo logika kapitalista. Zapalkuntza anitz horiek jasan behar ditugulako, eztabaida honetan hartu nahi dugu parte, murrizketa sozialek modu berezi baten eragiten gaituztela azpimarratuz:

- Zaintze-lanak. Gure bizitzetan guztiz beharrezkoak izan arren Ikusezinduta jarraitzen dute, lana enplegua den neurrian bakarrik hartzen delako kontutan; beraz, ez dira baloratzen eta ez dira aintzakotzat hartzen. Osasun zerbitzuetan eta Mendetasunari buruzko Legean egingo diren murrizketek zaintze-lanen karga emendatuko dute, berriro ere historikoki eta oraindik gaur egun lan horiek burutzen ditugunoi egotziko zaiguna.

- Langabezia-sorospena eta enpleguaren ezegonkortasuna. Sexismoa, homofobia eta transfobia existu existitzen dira, eta beren kausaz guk ez ditugu “gizon” kontsideratzen direnek dituzten aukera berdinak enplegu bat lortzeko. Gaur egun, oraindik, kontratazioan diskriminatu egiten gaituzte, diru gutxiago ordaintzen digute, gure baldintzengatik egozten gaituzte, laneko jazarpenaren biktima ohikoenak gara, aintzakotzat hartzen ez diren sektore eta jarduerez arduratzen gara... Hori guztia dela eta, langabezia-sorospenaren murrizketak eta lan-baldintzen ezegonkortze berri hau gehien pairatuko dituztenak gu izango gara.

- Pentsio eta jubilazioak. Gutako askok ez dugu oraindik gure lekua topatu nahi instituzio patriarkal garrantzitsuenean, hau da, ezkontzan, eta ezkontza babes sozialaren parte bat jasotzeko ezinbesteko betebeharra da oraindik. Bestalde, kontratu ezegonkorrenak izan ditugunok, langabezian denbora gehien egon garenok, arrazakeria instituzionala jasan behar dugunok (eskubide gabe geratzen gara beste leku batean jaio izanagatik!), pentsio-plan pribaturik ordaindu ezin dugunok, jubilazioa lortzeko biderik zailena izango dugu ere.

- Gastu publikoa. Finantza-merkatuek inposatu dituzten gastu publikoaren murrizketak ez dituzte banketxeek pairatuko, baizik eta politika sozialen behar gehien dugun gu bezalako taldeek. Beste urrats bat da, beraz, ezberdintasun sozialen sakontzerantz.

- Migrazioa. Berriro ere borrokakide migratzaileen egoera salatu nahi dugu, gero eta babesgabeago geratzen direlako krisi-uneetan. Paperak lortzea gero eta zailagoa da eta argi eta garbi arrazistak diren politikak gero eta komunagoak dira; guzti horrek faxismoaren hasierara garamatza. Pertsona migratzaileek jasaten duten zigorra bikoitza da, zaintze-lanetan duten garrantziaren ahaztearekin eta enpleguaren ezegonkortasunarekin.

Guzti hori dela eta Queer Ekintzak deitu diren Greba Orokorrei atxikitzen zaiela adierazi nahi du, bai pasadan ekainaren 29koari baita irailaren 29an izango denari ere. Gobernu Espainiarrari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu, gure ahotsa beste eragile sozial askoren ahotsei gehituz, hiritargoaren eta langileriaren gehiengoak luzatzen dituen eskakizunei jaramon egiteko eta murrizketa sozialak ekarriko dituzten beren planak atzera botatzeko. Edonola, edozein Greba deialdirekin ere ez gara kontentatzen, ez da nahikoa gogo gabe borroka-egun bat deitzea ez bada sistema bera zalantzan jartzen.

Kaleetan ikusiko dugu elkar! Guztiok Grebara! Bollera eta maritxuak ere langileriaren parte garelako!

No hay comentarios: