26 de junio de 2011

KUKUTZA NO SE TOCA!




Ametsa egi bihurtuta

Gura dugun Errekalde irudikatzen dugunean, ideologia eta politika alde batera utzita, bizirik dagoen auzoa imajinatzen dugu, auzo partehartzailea, beharra duena laguntzeko prest eta jende zoriontsuz betetako auzoa, berton bizi garenok egindako eta guretzako den auzoa, bere iraganaren jabe den auzoa, baita bere oraina eta geroarena ere. Hain ideala den auzo hori, utopikoa edo helduezina dirudi, fantasia hutsa, desira. Baina ondo aztertzen badugu, uste dugun baino erreal eta hurbilagoa dela ikusiko dugu. Auzokide, merkatari, tabernari…eta abarren arteko harreman ona, elkarte eta kolektiboen aniztasuna, Bilboko jai herrikoi hoberenetarikoetan dagoen herri partaidetza…; adibide zerrenda luzeak agerian uzten du askotan bistaurrean dagoena ikustea zaila dela, eta daukaguna galdu arte ez dugula baloratzen.

Kukutza Gaztetxea auzoko eta atzerriko gazte edo ez hain gazte direnen beharrak betetzeko gai izan da eta bada. Badira 13 urte Iturrigorri 1 kalean abandonatutako fabrika hau okupatu zela, orduan hutsik, egoera larrian eta narkotrafikante baten fabrika zenak beste eraikin batzuetatik zetozen proiektuei eman zien bidea. Gaur egun Bizkaiko errokodromo hoberenetarikoa dauka, flamenko, dantza klasikoa, dancehall…dantza eskola, jantoki bejetarianoa, Bizkaiko zirko eskola bakarra, tatami bat, entsaiu lokala,
antzerki lokala, liburutegia, trueke gunea (Hartu nahi duzuna), proiekzio, kontzertu, zirko galak eta abarretarako diziplina anitzeko gela, gune komunak dituen etxebizitza (gaur 10 lagun gazte bizi dira) eta parte hartu nahi duen, zerbait behar duzuen edo kuxkuxeatu nahi duten guztientzako zabalik dagoen atea.

Kukutzan asanbladaren bidez antolatzen gara, gure proiektuak autogestionatuz, hemen lehen deskribatutako auzoa irudimenetik errealitateratzeko lan egiten dugu, horrela instituzioek kultura, zerbitzu, etxebizitza eta aisia mailan duten hutsuneak bete egiten ditugu.

13 urte hauetan posible dela frogatu dugu. Horregatik behar dugu Kukutza Gaztetxea, eraikina baino askoz ere gehiago delako, harremanatzeko eredua da, baita balio, lan, zerbitzu, auzo eredu ere. Ondo baino hobeto dauden emaitzak ematen ari den esperimentua.

Kontua zera da, Barakaldoko konstruktora batek, CABISA SA (mafia estaltzeko delako enpresa), eraikina bota eta salerosketa askeko etxebizitza 6 bloke egin nahi ditu. Barruti honetan etxebizitzak egin nahi ditu, 7. barrutia, non udalaren arabera 2009an 21.050 etxebizitza zeuden eta hauetako 1.937 hutsik (%9,20), horrez gain, 1987tik 2009 arte herritarren kopurua gutxitu da, 3.856 pertsona gutxiago daude (51.643tik 47.787ra), eta gainera, Artazaberri, Iturrigorri, Bakea Kalean…etxebizitza 10 bloke baino gehiago daude proiektatuta. Zergatik etxe gehiago egin gero eta auzokide gutxiago bagara?; Norentzako dira etxe horiek ba?, Norentzako onura?, Etxebizitza libre langileentzako krisi garaian…

Auzokideok ez ditugu etxe horiek behar eta auzoari ez diote onurarik ekarriko. Bizi ari garen garai honetan, batzuk luxuzko bizitza izan dezaten gehiengook jo ta ke ibili behar gara lanean. Argi dago legala dena ez dela zertan bidezkoa izan behar, eta badaukagula eskubidea, are gehiago, badaukagula bidezkoa den hori defendatzeko beharra, gure esku dauden aukera guztiak erabiliz. Ez izan dudarik, Kukutza defendatuko dugu.

Errekalde Kukutza barik ez litzateke gauza bera izango. Espekulatzaileak, konstruktorak eta bestelako korruptoak,

KUKUTZA IKUTU BEZ!!!

"Datorren ekainaren 30ean, gaztetxearen defentsan kalejira bat burutuko dugu Errekaldetik, arratsaldeko 19.00etan."

No hay comentarios: